Donostiarrak ‘Irauten’ bakarkako diska berria dakar besapean. Aurretik Geure Kabuz taldean eta antzerkigintzan ibilitakoa, sukaldean eta gastronomian trebea al da gure gonbidatua?

Sukaldean trebea al zara? Zein da zure espezialitatea?

Egia esan, pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari naiz. Geroz eta errezeta gehiago egitera ausartzen naiz. Aitortu  behar dut, batzuetan plater ezberdinekin esperimentu berriak egiten ditudala eta etxeko txakurra (Lur) izaten da horren dastatzaile nagusia, paladar fina baitu.

Duela pare bat urte, makrobiotikako ikastaro batera joan nintzen non sukaldaritzaz eta janariaren garrantziaz asko ikasi nuen. Horregatik, nire espezialitatea arroz integrala dela esan genezake, arrozari puntu egokia hartu diotelakoan nago, izan ere, maiz goraipatzen didatelako.

Amaren, amonaren edota beste familiako norbaiten errezeta kuttuna?

Gogoan dut nire amonak txikia nintzenean munduko san jakoborik onenak egiten zizkidala patata frijituekin. Errezeta sinple eta goxoa izan da niretzako beti eta gaur egun, san jakoboak egiten ditudan bakoitzean berarekin gogoratzen naiz.

Igande batean ohean hartzeko gosari on bat…

Lehenik eta behin, nire maitea erdi biluzik azaltzea gustatuko litzaidake, eskutan bandeja batekin laranja zuku eder bat, tostada olio eta tomatearekin eta kroaissant batekin. Azkenik, ongi dakizuen bezala… postrea dator.

Zer hartzen duzu kontzertu bat baino lehen? Eta kontzertua eta gero?

Kontzertua baino lehen hartzen dudan edari magikoa, ebakia eta whisky- a da, batez ere, ondo entonatzeko eta lotsak alde batera uzteko, gezurra badirudi ere. Kontzertuaren ondoren, beste whisky bat hartzen dut tonu erdi bat igo ahal izateko, giroak hala agintzen duelako, bizitza antzerki bat da eta.

Nazioarteko sukaldaritzatik zein plater duzu gustokoen?

Sukaldaritza orientala da gustukoen dudana, nire filosofiarekin ongi uztartzen baita. Hau da, barazki eta zerealetan oinarritzen delako  batik bat. Plater bat aipatzearren, egun, sushi- a dela esan dezaket, bihar txuleta esaten dezakedan moduan. Nire iritzia, mundu bezala, aldakorra eta moldagarria da.

Denbora asko inbertitzen al duzu erosketak egiterakoan? Ze faktoreak hartzen dituzu kontuan produktu bat edo beste aukeratzeko orduan?

Astean behin joaten naiz erosketak egitera. Produktu ekologikoak erosten ahalegintzen naiz, baita bertako elikagaiak izatea ere. Esan beharra dut eskaintza zalea naizela, sukaldeko apalak ikustea besterik ez daude.

Gogokoen duzun jatetxea…

Erantzuna ematean lehenengo ideia burura etorri zaidana,  aurreko urteko udara hasieran gertatu zitzaidan pasarte ahaztezin bat izan da, izan ere, dena, Donostiako paseo berriko jatetxe atsegin batean hasi zen eta horrek bihurtu du nire kuttunena izatea, bertako janariaz ahaztu gabe, noski.

Otorduz kanpo hartzeko gehien gustatzen zaizun janaria, snack-a edo antzekorik…

Bai, noski… Emm, beno, nola esan, tira, agian, beharbada… Ummm, nahiz eta dieta makrobiotikoa jarraitzen saiatu, tarteka marteka pekatuan erortzen naiz eta zizka-mizkak jaten ditut, bizitzako plazer txiki hauetaz disfrutatzeko.

Bazkarietan, ardoa edo besterik…

Ardoa, garagardoa edota sagardoa dena ondo sartzen zait, zentzu honetan, ase ezina naiz. Honek ez du esan nahi alkoholean murgiltzen naizenik, ezta gutxiago ere! Dena bere neurrian hartzen saiatzen naiz, oreka bilatuz.